Lanean istripuz hildakoen kopurua %41 handitu da azken urtean EAEn
Istripu tasa mila langileko 50 izatea da Laneko Segurtasun eta Osasun Plan berriaren helburua
ivan santamaria
Gasteiz
Lanpostuan jazotako istripu hilgarriak %41 handitu dira azken hamabi hilabeteotan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Osalanek egiten duen zenbaketaren arabera. Datua Joseba Azkarraga Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak jakinarazi du, 2007-2010 Laneko Osasun eta Segurtasun Plana eztabaidatzeko saioan. Hala, 2006ko urria eta 2007ko iraila bitartean 55 behargin zendu ziren lanean, aurreko urteko epe berean baino hamasei gehiago.
Hazkunde horretan departamentuak soilik lanaldian zeuden bitartean gertatu diren heriotzak zenbatu ditu, eta ez ditu kontuan hartu lanerako joan-etorrietan gertatzen diren istripuak, in itinere direlakoak. Kontuan hartu behar da, halaber, estatistika ofizialek ez dituztela kontuan hartzen langile autonomoak edo bestelako erkidego batean egoitza duten enpresetako beharginak. Osalanen eskumen alorrean - Araba, Bizkai eta Gipuzkoan - 68 langile hil dira iraila arte, UGTk emandako datuen arabera. LABek, berriz, Euskal Herri osoan aurten gutxienez 97 hildako izan direla kalkulatu du.
Aldaketarik esanguratsuena joan den urteko azken hiru hilabeteetan izan zen. Urria eta abendua bitartean 21 langile zendu ziren lanpostuan, epe berean azken zazpi urteetan izan den heriotza kopururik handiena. Industrian hiruhileko beltza izan zen, zortzi hildakorekin.
Istripu hilgarrien gorakada kezkagarritik aparte, bestelako datuek, oro har, ezbehar tasaren murrizketa adierazten dutela nabarmendu zuen sailburuak bere agerraldian. Hala, gaixo agiria behar izan duten ezbeharrak %11,4 jaitsi dira azken urtean. Larriak %15,14 murriztu ziren, eta arinak, berriz, %11,4.
HELBURUAK 2010. URTERAKO. Azkarragaren arabera, garrantzitsuena da epe luzeen barruan ezbehar tasak izan duen bilakaera aztertzea. Hala, 2000. urtean mila langileko ia 78 istripu izatetik 2006an 61,5 izatera pasatu dela nabarmendu zuen. Jaitsiera, haatik, ez da jarraia izan, 2004tik 2005era lau puntuko igoera izan baitzuen. Ezbehar tasa hori murriztea izango da, gainera, 2007-2010 plan berriaren helburu nagusia. Urte horretan mila langileko 50 istripu baino ez egotea nahi du Jaurlaritzak.
Eraikuntza sektoreko egoerari heldu nahi dio departamentuak datozen lau urteotan. Hala, obretan gertatzen diren istripu larriak, oso larriak eta hilgarriak erdira jaisteko helburua finkatu du egitasmoak. Aurreko plana indarrean egon zen bitartean, 2003tik 2006ra, 442 istripu larri eta hilgarri izan ziren eraikuntzan, guztietatik ia laurdena.
Beste atal garrantzitsu bat ikerketa eta kontrola areagotzea izango dela iragarri zuen sailburuak. Lan Ikuskaritzaren eskumena Espainiako Gobernuarena izaten jarraitzen duen arren, Osalaneko tekniko gehiagok ere ikuskatzaile lana egitea ahalbidetuko du Lan Sailak. Orain arte hamazazpi tekniko gaitu dituzte lan horretarako, eta beste 33 izango direla aurreratu du Azkarragak, Lan Ikuskaritzak egun dituenak adina (50). Hala, 20.000 langileko ikuskatzaile bat izatetik 8.000-9.500 langileko bat izatera iritsi nahi da.
Horren haritik, hala Osalanek nola Ikuskaritzak egiten duten lana azpimarratu, eta arriskuen prebentziorako legea betetzen ez duten enpresak jazartzen ez direla datuekin ukatu nahi izan zuen sailburuak. Urtarriletik ekainera ikuskaritzak 539 zigor eskaera aurkeztu dizkio sailari, eta gehienak, 437, onartu dituzte. Isun horiek, guztira, 2,2 milioi eurokoak izan dira.
PRAKTIKA EGOKIAK SARITU. Prebentzio neurriak betetzen ez dituzten enpresak edo ezbehar larri edo hilgarri ugari dituztenak administrazioarekin lan egiteko lehiaketetan zigortu beharrean, kontrako norabidea hartu du Lan Sailak datozen urteetarako estrategian. Aurki dekretu bat onartuko du, prebentzio neurriak legeak agintzen duenetik haratago eramaten dituzten enpresek hori egiaztatzeko modua izan dezaten. Asmoa da enpresa horiek administrazioarekin kontratuak hitzartu behar direnean lehentasuna izatea. Praktika txarrak zigortu beharrean, praktika onak saritzea.
Oposizioaren txandan, sindikatuen nahiz patronalaren babesa ez duela lortu aurpegiratu zioten PSE-EEk eta PPk sailburuari. Azkarragak, berriz, Confebask-ek, Kooperatibek eta UGTk planaren garapenean parte hartuko duten konpromiso idatzia eman diotela jakinarazi zuen. CCOOk ere, hitzez, asmo bera azaldu dio.
Planaren eztabaidan parte hartzea errefusatu zuen ELAk. LABek prestakuntzan parte hartu bai, baina gogor kritikatu du onartutakoa. Sindikatu abertzalearen ustez, aurreko planaren «jarraipen hutsa» da, eta horrek «ez zuen balio izan euskal langileen osasun egoera hobetzeko edo ezbehar tasan jaitsiera handirik eragiteko».
############
2007-2010 LaneKo Osasun eTa seGurTasun PLana
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak prestatu duen plan berriak sei ardatz estrategiko ditu, datozen lau urteotan landu beharrekoak. Orotara, 2007-2010 urteen artean 33,9 milioi euro bideratuko ditu Jaurlaritzak zeregin horretara.
Prestakuntza. Prebentzio ordezkarien, enpresetako agintari eta zuzendarien, eta langileen - baita autonomoak ere - prestakuntza hobetu, eta lan arriskuen prebentziorako propio prestaturik dauden pertsonen kopurua handitu nahi dute.
Ikuskaritza eta kontrola. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan gaur egun 20.000 langileko ikuskatzaile bat dago. Europako batez bestekoetara hurbiltzeko asmoz, 8.000-9.500 langileko ikuskari bat izaten saiatuko dira. Era berean, Lan Ikuskaritzaren eskumena Eusko Jaurlaritzaren esku uzteko eskatuko zaio Espainiako Gobernuari. Abendurako Osalaneko 23 teknikari prest egongo dira ikuskatzaile lana egiteko. Beste bost teknikarik ikuskatzaile zerbitzu propioa osatuko dute
Sentsibilizazioa. Prebentzioa, arriskua eta segurtasun eta lan osasunaren balioa zabaltzeko ahalegina, enpresa txiki eta ertainei arreta berezia eskainiz.
Prebentzioaren integrazioa. EAEko ehun enpresari legeak exijitzen dituen prebentzio neurriak gainditzen dituztela kreditatzea erraztuko zaie. Administrazioak kontratatu behar duenean arriskuen prebentzioan egiaztagiriak lortu dituzten enpresak saritzea da asmoa.
Erakundeen konpromisoa. Espainiako Gobernuarekin, aldundiekin eta udalekin eta fiskaltzarekin elkarlana handitzea.
Lan Osasuna. Gaixotasun profesionalen jarraipena egiteko Osasun Sailarekin eta Osakidetzarekin protokolo bat martxan jarriko da.
############
No hay comentarios:
Publicar un comentario