domingo, 28 de octubre de 2007

ELAk gogor salatu Jaurlaritzaren politika

«Inpunitate handiarekin egiten dira hemen politika neoliberalak»

I. MURUA URIA

Bilbo

Diskurtso gogorra du Jose Elorrietak agintari politikoekin, bereziki Eusko Jaurlaritzarekin, «politika neoliberal oso gogorra» egiten duelako. «Adibidez, superabitarena: Europarekin konparatuz zortzi puntuko defizit soziala dugu, Barne Produktu Gordinaren proportzioan neurtuta. Europan gastu sozialaren batez bestekoa BPGren %30 bada, hemen %22. Eta errealitate horrekin, mila milioi eurotik gorako superabitarekin ixten dira kontuak! Eta, gero, diru asko propagandan xahutzen dute, esateko gure errealitatea oso abanguardista dela arlo sozialean. Baina errealitateak esaten du ezetz, zortzi punturen diferentzia dagoela».

Inguruari begiratuta, bereziki neoliberala da Eusko Jaurlaritzaren politika, edo leku gehienetan dagoena daukagu hemen ere?

Hori dago alde guztietan, hemen diferentzia ez da zer politika mota egiten diren, baizik eta egiten dela defizit sozial horrekin: zortzi puntuko diferentzia. Eta beste diferentzia: hemen eztabaida politikoa hain erabakigarria denez, espazio guztia hartzen du, eta eztabaida sozialak ez du lekurik. Eta politika horiek inpunitate politiko handiarekin egiten dira. Adibidez, Foru Aldundiak. Eusko Legebiltzarrean eztabaida oso pobrea da, baina Foru Aldundietan, ez da existitzen. Formalki badaude Batzar Nagusiak, baina opazitate handiko kudeaketa dute. Andorra bezala dira. Sistema erdipribatua, eta hori normaltasun guztiarekin ikusten dugu.

Urtarrilean gutuna bidali zenioten Ibarretxeri. Geroztik harremanik izan duzue?

Ez digu erantzun. Hori baino tratu txarragorik! Gutunean esan genion gauzak gaizki daudela gure ikuspegitik, eta hitz egin nahi genuela. Guk, erkidegoan, %40ko ordezkaritza daukagu hauteskundeetan, kasik ehun mila afiliatu autonomia erkidego honetan. Ezta erantzun ere! Elkarrizketa egunsentira arte... Sarkasmo hutsa! Zer gogorra!

Sozietateen zergekin gertatu dena zer da, neurri bat gehiago, edo gure instituzioen politika neoliberalaren aspaldiko erabaki esanguratsuena?

Denera 200 milioi euro gutxiago bildu dira, urte batean. Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza politikaren gastu osoa ez da heltzen kopuru horretara. Zer arazo dauzka gure gizarteak? Adibidez, etxebizitza. Nortzuek daukate arazoa? Gazteek. Zer egoeratan daude gazteak? Hipotekatuta, leporaino. Hori da errealitatea. Eta, bat-batean, enpresaburuak zenbat diru irabazten duten oso harro daudenean, inor ohartu gabe, iragartzen dute 200 milioi gutxiago bilduko dituztela. Eta hori zergatik egiten da?

Zergatik?

Lehenengo, neoliberala zarelako. Eta gero, uste duzulako tamaina horretako aberia egiteko ez duzula arazorik. Ez dago eztabaidarik.

Zertan gastatuko zenuke Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen urteroko superabita, lehendakaria bazina?

Kontuan hartuta zer konpetentzia dauzkan orain, adibidez, etxebizitza. Oso garbi dago. Ez dago eskubiderik gazteei zer tratu ematen dieten. Gero esaten dute gazteek politikatik paso egiten dutela. Azkarrak direlako! Ikusten dute politikak ez duela balio euren bizitza hobetzeko. Beste lehentasun bat, Osakidetza. Penagarria da, nahiz eta Inclan egunero propaganda egiten jardun. Denek dakite zer gertatzen ari den. Pribatizatzen ari dira. Erkidegoen arteko rankingean seigarren dago, nahiz eta kontzertu ekonomikoa eduki. Eta badira lehentasun gehiago: irakaskuntza, 0-3 urteko zikloa; edota menpekotasun gastuak: zahartzaroa, elbarritasunak... Badago non gastatu, bai.

Kritika ondo gogorrak egiten dizkiozue Eusko Jaurlaritzari. Ondoriorik badu horrek zuentzat?

Autonomia oso garrantzitsua da guretzat. Gai gara askatasun osotik egiteko kritikak, ehun mila afiliatuk ematen diguten zilegitasuna dugulako, baina bestetik autonomia behar duzu. Zenbait erakunde oso harrapatuta daude horrelako kritika egin ahal izateko. Eta Eusko Jaurlaritza autonomiaren aldetik gu harrapatzen saiatzen ari da.

Zer zentzutan?

Adibidez, etengabeko prestakuntzari buruzko eztabaidan, EAko kargu batek artikulu bat egin zuen ELA eta LAB kritikatuz, eta diru-laguntzen papera aipatu zuen: guk ez daukagula zilegitasunik horrelako kritika egiteko, kontuan hartuz zenbat diru hartzen dugun Hobetuz-etik. Inpunitatea hori da: xantaia egitea, eta idaztea, gainera. Xantaia batzuetan egiten da itzalean. Ez, ez: hauek idatziz. Fase horretan gaude.





«Ez da posible LABekin lan bateratua egitea arlo sindikalean; desadostasun sakona dugu»

I.M.U.

Bilbo

ELA eta LAB gaur egun ekintza batasunetik urrun dauden arren, euskal sindikalismoak dagoeneko lorpen garrantzitsua baduela azpimarratzen du Jose Elorrietak: «Jada ez gaude Espainiako azpisistemaren barruan. Harrotasunarekin esaten dut. Batzuetan esaten digute, kritika bezala: 'Zuek zer egin duzue?'. Guk bakarrik ez, baina gu parte handia izan gara lortzeko espazio honetan espazio propioa edukitzea. Gu ez gara Espainiako azpisistema. Hori bukatu da. Hori lortu dugu sindikalistok azken 30 urteotan». Jabetzen da, noski, LABekin elkarlanean jarduteak «indartsuago» egingo lukeela «euskal sindikalismoa».

Zer moduz LABekiko harremanak? Okerrera egingo duten beldurrez edo hobera egingo duten esperantzan?

Okerrera egin dezakete, baina ez daude ondo. Ez da kontua errua besteari botatzea. Lan bateratua egiteko aurrebaldintza bat dago: diagnostiko bateratua egitea, eta orokorrean hori badugu LABekin. Baina ez da nahikoa. Horren aurrean zer eta nola egin behar den hitzartu beharko genuke, eta hor desadostasuna dugu. Negoziazio kolektiboan ikusten da, adibidez. Desadostasun sakona dugu eta, ondorioz, ez da posible lan bateratua egitea arlo sindikalean.

Rafa Diezi prekarietateaz, lan istripuez, Eusko Jaurlaritzaren politika neoliberalaz edota Ibarretxeren sinesgarritasun ezaz hitz egiten entzun eta, mezu gehienetan adostasun gehiago sumatzen dira, bereizita jarduteko arrazoiak baino.

Hala da. Diagnostikoetan orokorrean ados gaude LABekin, eta ez da gutxi. CCOOrekin eta UGTrekin desadostasuna diagnostikoan hasten da. Baina ez da nahikoa. Errealitatea hori da, gure kontraesanak ere onartu behar ditugu: guk esaten dugu, indar metaketa behar dela arlo soberanistan, baina norbaitek esan dezake guk arlo sindikalean ez dugula lortu, eta arrazoi du.

No hay comentarios: