Nekeak hil egiten duela gogorarazi die ELAk kamioilariei Biriatuko zubian eginiko elkarretaratzean
Mikel Carramiñana.
Bilbo
Iberdrolaren Bilboko egoitza berria eraikitzeko lanetan 12 eta 18 ordurainoko lanaldiak egiten dituztela salatu zuten atzo Euskadiko CCOOko kideek. Pelli dorrearen aurrean eginiko elkarretaratzean, gehiegizko lan erritmoen ondorioetaz ohartarazi zuen Iñaki Merino sindikatuko eraikuntzako arduradunak. Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak eraikitze lanak bizkortuko dituztela agindu izana gaitzetsi zuen Merinok, eta bizkortzeak «istripu hilgarriren bat ekarriko» duela esan zuen, oker ibiltzea espero duen arren.
Astero solairu berri bat eraikitzen dutelako harro azaldu zen Galan joan zen astean lanetara egindako bisitan, eta, aurreikusitako epeak betetzeko, lan erritmoak areagotuko dituztela esan zuen.
Dorrean ez ezik, Bilboko Hegoaldeko Saihesbideko obretan langileek jasan behar dituzten «gehiegizko lan erritmoak» salatu zituen, eta errepide horretako lanetan joan den astean hildako langilea ekarri zuen gogora. Abandoibarrako obretan, berriz, argiketariak, arotzak eta beste sektore batzuetako behargin ugari laster lanean hasiko direla nabarmendu zuen, «inolako kontrolik eta prebentziorik gabe» aritu beharko direnak.
Hori dela eta, obra horiek eta azpikontratazio prozesuak aztertzeko dei egin zien Merinok Lan Ikuskaritzari eta Osalani. Era berean, «onartezina» iritzi zion hamabi orduko lanaldiak egiteari «hainbeste jende langabezian egonda».
Atsedenaldiak errepidean
Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan, bestalde, ELAko hogei ordezkarik elkarretaratzea egin zuten atzo Biriatun, Nazioarteko Garraio Federazioak deitutako protestekin bat eginda, Nekeak hil egiten du lelopean. Errepidean egin beharreko atsedenaldiei buruz ohartarazi zieten zubitik igaro ziren kamiolariei, asko «hamar orduz ere gidatzen» aritzen direlako, Igor San Jose ELAko ordezkariak azaldu zuenez.
Enpresek legeak betetzen ez dituztela salatu zuen, eta mobilizazioa «ezinbestekotzat» jo zuen kamioilarien eskubideak bete daitezen. Izan ere, garraiolarien lan baldintzak «okerrera» egin dute krisia hasi denetik, «enpresaburu askok abagunea baliatu dute soldatapeko gidariak autonomo faltsu bihurtzeko».
(Iturria: berria.info) NAROA LARRAÑAGA
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario