jueves, 22 de octubre de 2009

Askatasun sindikalaren aurkako eraso ezin larriagoa Gasteizko udaletxean

2009/10/02 Iturria: www.ela-sindikatua.org

Gasteizko alkateak Udalaren historian inoiz ikusi gabeko erabakia hartu du: Langileen batzordeko burua eta ELAko kidea kaleratzea. Datorren urriaren 8an lehehengo mobilizazioa egingo da Gasteizen erabaki onartezin honen aurka.

Gasteizko alkateak Udalaren historian inoiz ikusi gabeko erabakia hartu du: Langileen batzordeko buru den Begoña Vazquez (ELAko ordezkaria) kaleratzea.

Langileen batzordeari ebazpen bat helarazi zaio, Joaquin Esteban zinegotzi-delegatuak sinatua, eta ebazpen horretan irakurketa juridiko guztiz okerra eta kontraesanez josia egin da Udaleko 3.000tik gora langileren ordezkari nagusia den langile hau kaleratzeko.

Begoña Vazquezek karrerako funtzionarioaren postua duela zazpi urte lortu zuen. Oposizio hartan auzitegiak demanda bat onartu zuen, aintzat hartu gabe zeuden meritu batzuk kontutan har zitezen. Udalak era harrigarrian jokatu zuen orduan: auzitegiek (TSJPV, Auzitegi Gorena eta Auzitegi Konstituzionalean) eta Gasteizko Udaleko Funtzio Publikoko sailak berak finkatutako irizpidearen aurka, Udalak Begoña Vazquezen meritu horiek ez zituen aintzat hartu. Honen inguruko auzi juridikoa erabakitzeke dago.

ELAren ustez erabaki hau politikoa da, alkatetzara iritsi zenetik Patxi Lazcozek langileekin eta beren ordezkariekin hartu duen kazike jarreraren eta errespeturik ezaren ondorioa. Kaleratze hau erakunde publiko batean askatasun sindikalaren aurkako eraso ezin larriagoa eta onartezina dugu. Lehenago ere tankera bereko erabakiak ezagutu ditugu: Udaleko Sektore-Hitzarmena aplikatzeari uko egitea edota sindikatuen lokalak usurpatzea, adibidez.

PSEk Gasteizen jauntxokeriaz jokatzen du eta solaskide sindikalak ez ditu onartzen, lan-harremanetan diziplina militar moduko bat ezarri nahian. Langileen arteko giroa gero eta jasangaitzagoa da.

Gezurra dirudi bere burua ‘sozialista’tzat duen alkate batek askatasun sindikala horrela urratzea. Oinarrizko eskubideak, negoziazio kolektiboko eskubidea eta gizabidezko harremana txiki-txiki eginda uzten ditu horrela.

Ekintzak

Alkatearen jokabide honek iraganeko beste garai batzutakoa dirudi, eta hori salatzeko ELAk gizarteratze eta mobilizazio kanpaina bat egingo du. Hauek dira gure erabakiak:

* dagozkien ekintza legalei ekitea, Begoña Vazquez berriro onar dezaten.

* Patxi Lazcoz eta Joaquin Estebanen aurkako demanda penala aurkeztea, prebarikazioa egin dutelakoan.

* Udaleko talde politikoekin harremanetan jartzea, oinarrizko eskubideak hain era larrian urratu direnez zein jarrera duten ezagutzeko.

* Langileen batzordera erabaki beharreko mobilizazio eta ekintzen egutegia eramatea, han eztabaidatzeko.

Hasteko, ELAk lehen protesta bilkura datorren urriaren 8an deitu du, goizeko 9.30etan Gasteizko Plaza Berrian.

Publicado por Koldo Irurzun

No hay comentarios: